Albisteak_ElkarHezi

Albisteak

Haur Hezkuntzako haurrek, azken asteetan ESPAZIOAri buruz landu duten proiektuaren emaitza aurkeztu zieten gurasoei pasa den ostegunean.

“Eguzkia izar eder argitsu eta handia…”  hitzekin eman zioten hasiera emanaldiari 3 urteko gelakoek. Abesti bidez Eguzki  Sistemako astro nagusiak aurkeztu zituzten. 4 urtekoek lekukoa hartu eta planeten ezaugarriak azaltzeko antzerki bat eskaini zieten ikusleei. Azkenik 5 urtekoek, gaian gehiago sakonduz, prestatuta zeukaten bideoa proiektatu zuten. Honetan planetez gain, espazioarekin lotutako beste hainbat kontu izan zuten mintzagai, hala nola, Laika txakurra, lehen astronautak, konstelazioak…

Emanaldia amaituta, erakusketaz gozatzeko aukera izan zuten familiek. Eskolan zein etxean familian, haurrek gaiarekin lotuta egindako eskulanak zein bildutako materialak ikusi ahal izan ziren: Eguzki Sistemaren gisa guztietako irudikapenak, liburuak, marrazkiak, gaua eta egunaren izaera azaltzeko maketak, konstelazio nagusien mural erraldoia, astronauta ospetsuen argazkiak, espaziontziak…

Haur Hezkuntzako hezitzaileek eskerrak eman nahi dizkiete haur eta familiei izan duten ilusio eta inplikazioagatik.

ARETOKO EMANALDIAREN BIDEOAK IKUSI

 

Partekatu: