Albisteak_ElkarHezi

Albisteak

AURTEN, ELKARTASUNA BARRUTIIK.
DATORREN URTEAN, BARRUTIK MUNDURA.

Hausnarketa prozesu baten ondoren eta Covid 19aren arriskua saihesteko asmoarekin, aurten Gabonetako GKEen azoka ez egitea erabaki dugu. Azken 20 urteotan elkartasunaren erakusleiho bat irekitzen saiatu gara, gure herrixka global honetan izan diren aldaketei buruz hausnarketa-puntu
bat sortzeko eta elkartasun esparruan lanean diharduten taldeei gure laguntza txikia eskaintzeko. Gune egokia sortu dugu taldeek beren artisautza-produktuak saltzeko edo munduko edozein lekutan garatzen dituzten proiektu solidarioak ezagutzera eman ditzaten. Baina, gure ikasleak berdintasunaren, justizia sozialaren eta ekitatearen printzipioetan heztea izan da gure helburu nagusia. Horrela, aldarrikapen teorikoetatik harago, gure utopia txikia, gutxienez, egun batez, egi bihur zitekeela erakusten saiatu gara.

Plaza, kaleak, arkupeak, milaka kolorez, produktuz eta batez ere pertsonaz bete ditugu. Denok batera, lanari ekin diogu: gurasoak, ikasleak, irakasleak, GKEetako kideak. Hogei urte hauetan milaka mahai muntatu eta desmuntatu ditugu, euripean, elurra mara-mara edo eguzkia lagun. Dozenaka tailer antolatu dira, haimak eta tipiak muntatu ditugu, antzerkiak, kontzertuak, argazki-erakusketak, liburuen aurkezpenak, joste-lanak, pintura, artea, musika eta ipuin-kontalarien saioak aurrera atera dira eta urtero, postuetan askotariko produktuak eskaini ditugu: Saharako mendietako tea, Chiapaseko artisautza, Kongoko eta Tanzaniako belarritakoak, Kubako rona, Colombia kafea, Ghanako txokolatea, Honduraseko motxilak, Sierra Leonako jadeko eskulturak edo
Indiako oihalak, eta nola ez, urtero gurasoek, pazientziaz ekarri dituzuen ehunka, milaka bizkotxo, pasta eta magdalenak. ( biba zuek!)

Aurten, plaza hutsik egongo da, agian tristeago eta grisago, koloreak eta kale algara desagertuko dira, baina guk, orain arte egin izan dugun moduan, eskolan, ikasleekin elkartasunaren gaia landuko dugu. Azoka aurretik, sentsibilizazio astea antolatzen dugu eta bertan, Lesbosen, Sirian, Nepalen edo Kolonbian lanean dabiltzan kooperanteen testigantzak jaso ohi izan ditugu, horietako asko gure ikasle ohiak izandakoak dira eta noski, lanketa honi eutsiko diogu.

Horregatik guztiagatik, haur,  lehen eta bigarren hezkuntzako eraikinen aurretik pasatzen bazarete, ondo begiratu, argiak piztuta egongo dira eta, belarria fintzen baduzue, ahots asko entzungo dituzue. Bai, gu gara! ikasten, berdinen arteko solasaldiak izaten, hausnarketak bideratzen, proiektuak sortzen eta nola ez, datorren urteko azokarako elkartasun utopia txiki edo handiak amesten.

 

Partekatu: