Albisteak_ElkarHezi

Albisteak

  • Ikasturtean zehar garatutako lanaren emaitza izan da Udaletxean aurkeztu dutena: 2022ko Urriaren 31aren bueltan ospatuko litzatekeen festa modu parte hartzailean antolatzeko proposamena.
  • Bertan izan dira Iñaki Olalde Kultura zinegotzia, German Meabebasterrechea, Xabier Zabaleta eta Ion Lopez, kultura, euskara eta gazteria teknikariak hurrenez hurren.

Azaroan martxan jarri zuten proiektuaren abiapuntua, gaur egun Oñatin, urriaren amaieran ospatzen den festa aztertzea izan zen. Ameriketatik iritsitako Halloween, Gaztelekuak azken urteetan antolatu izan duen Gaba Beltzarekin batera agertu zen.

Halloweenen atzean dauden balioen inguruan hausnartu eta irudikatu nahi dugun gizartean, horiek  tokirik izan beharko luketen eztabaidatu zuten. 

Ondoren, Euskal Herrian duela ez hianbeste, udazkeneko garai horretan burutzen zituzten errituak ezagutu zituzten, baita jai hauen guztien jatorriari buruzko hipotesiak ere.

Behin oinarri hori izanda, egun, euskal tradiziotan sustraituriko festak antolatzen dituzten hainbat herritako esperientziak aztertu zituzten, eta hauek antolatu izan dituzten elkarteekin harremanetan jarri ziren beraien esperientzien berri izateko, aholkuak eskatzeko…

Puntu honetara helduta, geure herrian antolatu nahiko luketen festak izan beharko lituzkeen balioak, helburuak eta elementuak definitu zituzten.  Azkenik, hauetan oinarrituta, egitarau posible bat diseinatu zuen talde bakoitzak.

Kontuan izanda lanketa honen helburua Oñatin bertan, modu errealean, auzolanean jaia antolatzea zela, prozesu parte hartzaile hori diseinatu eta parte hartu lezaketen elkarte edota erakundeak zerrendatu zituzten.

Talde bakoitzak eratutako txostenetik eratorri zen azken emaitza, atzo bertan, Udaletxean aurkeztu zena.

Partekatu: