Albisteak_ElkarHezi

Albisteak

MakEY: Makerspaces in the early years: Enhancing digital literacy and creativity [Makerspace-ak lehen urteetan: alfabetatze digitala eta sormena hobetzen] Europar Batasunak Horizon 2020 programaren barnean finantzatutako proiektua da. 2017ko urtarriletik 2019ko ekainera arte programatu zen, ume txikien alfabetatze digitalaren eta diseinu sortzailerako gaitasunen inguruan ikertzeko eta berritzeko helburuarekin.

Guztira, proiektuan Europar Batasuneko zazpi herrialdetako partaideak egon dira: Danimarka, Alemania, Finlandia, Islandia, Norvegia, Errumania eta Erresuma Batuakoak, baita Europatik kanpoko beste bost herrialdetakoak ere: Estatu Batuak, Australia, Kanada, Hegoafrika eta Kolonbia. Herri horietako zenbait pertsona akademikorekin lankidetzan aritu dira irakasleak eta makerspace-etako langileak. Zer diren makerspace-ak? Lankidetza irekiko espazio fisikoak dira, non pertsonek beren proiektuetan lan egiteko baliabideak, ezagutzak, lotura profesionalak, tresnak eta materialak eskuratu eta parteka ditzaketen. Makerspace-ak anitzak izan dira: 3D inprimaketa, jokoen diseinua edo elektronika landu daiteke, parte-hartzaileei tailerretan esperimentatzeko askatasun osoa emanez edo programazio gidatuagoak diseinatuz. Proiektuaren funtsezko helburu bat da arlo honetako hezkuntza-praktikarako informazioa ematea, ikaskuntza formaleko erakundeei (haur-hezkuntzako inguruneak eta lehen mailako eskolak) ikaskuntza ez-formaleko espazioetan praktikatik ikasteko aukera emanez, eta alderantziz.

Proiektuan zehar hainbat argitalpen egin eta web orria sortu dute. Horretan, umeekin egindako esperientzien berri topa daiteke. Adibide moduan, esperientzia horietako batean, Reykjaviken, Bobby Nisha doktoreak errealitate birtualari buruzko mintegia eman zuen, eta parte-hartzaileek hori teknologia aproposarekin erabiltzeko aukera izan zuten, gero umeekin praktikara eramateko.

Beste behin, proiektuko beste kide batzuekin batera, Berlinen 3D inprimagailuarekin aritu ziren umeak, eta ikertzaileek harriduraz antzeman zuten parte-hartzaileen estrategia-gaitasuna. Izan ere, makerspace hori beste jarduera batzuekin lotu zuten 9 eta 10 urtekoek: baten kasuan, rol-jokoak asko gustatzen zitzaizkionez, hainbat rol zituen dado pertsonalizatua sortu zuen; beste batek espazio-nabeak maite zituen, eta nabe handi bat egiteko behar zituen piezak inprimatzeko erabiltzen zuen tailerrean ikasitakoa.

Norvegiako Zientzia eta Teknologia Museo Nazionalean beste hiru makerspace esperientzia egin zituzten: lehena, lastotxoak erabiliz estrukturak sortzean oinarrituta; bigarrena, micro:bit erremintaren bidez, programazioarekin lotuta; azkena, zuntzetan diseinuak inprimatzera bideratuta.

MakEY proiektuak gaiari buruzko literatura zientifikoan dagoen hutsunea betetzeko asmoa izan du, umeen alfabetatze digitalari eta sormen-gaitasunei buruzko kontzeptualizazio berriak sortuz.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

Partekatu: