ELKAR HEZIren 25. urteurrena
ELKAR HEZI: BIHOTZ BEGIEKIN
Jada 25 urte igaro dira Elkar Hezi sortu zenetik. Begiak une batez itxi eta atzera egiten badugu, proiektu hau abian jarri zenetik gure gizarteak jasandako bilakaera itzela izan dela ikusiko dugu.
Gogoratzen duzue? Trump jauna ez zen presidentea, baina lurra gatazkaz josita zegoen: nola ahaztu irailaren 11ko Dorre Bikien aurkako atentatuak, Bigarren Intifadaren hasiera eta, hemen gertuago, “Euskal Gatazka”. Hala ere, anabasatik haratago, Elkar Hezi gorpuztu zen urtean, giza genomaren lehen mapa osatu eta lehen bihotz artifiziala ezarri zen. Urte hartan teknologia analogikoa zen; lehendabiziko mugikorrak sortu ziren, hori bai, adreilu modukoak. Argazki-makinak karretedunak ziren eta, sare sozialik egon ez arren, bai, bizitza posible zen!
Elkar Hezi jaio zen urtean, gure telebistan Betizu, Dragoi Bola, Doraemon eta Shin-chan ikusten genituen. Lau t’erdiko txapelketa Eugik irabazi zuen; Realak urte zaila izan zuen, baina mailari eutsi zion azken txanpan John Toshackekin. Gure ikastetxeak lehen urratsak eman zituen urtean, Andoni Egañak irabazi zuen Bertsolari Txapelketa Nagusia eta Bernardo Atxagak “Soinujolearen semea” idatzi zuen. Gure ikastetxeko argiak piztu ziren urtean, Berri Txarrak, Zea Mays eta Ken Zazpi moduko taldeak lehen urratsak ematen ari ziren eta, gugandik gertuago,urte horretan, Ruper Ordorikak “Bihotz begiekin” izeneko kanta idatzi zuen.
Duela hogeita bost urte amets bat jaio zen: hezkuntza-eredu ezberdin batean sinisten zuten kolektibo ausart batzuek balioetan, pentsamendu kritikoan eta euskal kulturan oinarritutako proiektuari ekin zioten. Erraza da eskola bat eraikitzea; hormak, teilatua, burokrazia, aulkiak edo arbeleak jartzea. Benetan zaila dena honi guztiari zentzua eta arima ematea da; bere harresiak gainditzea eta mundu hobe bat sortzeko irakastea eta ikastea. Hori bihotz-begiek ematen duten begiradarekin bakarrik egin daiteke, eta horrela egin genuen.
25 urte hauetan, eskola honek mila istorio baino gehiago bizi izan ditu. Lehen urrats urduriak, lehen ikasleen irribarreak, lehen malkoak eta lehen garaipenak. Zenbat misterio, lagun eta algara geletan! Arbeletan zenbat buruketa, zenbaki, formula kimiko, hiato, diptongo eta ingeleseko listening-ak! Urte hauetan gure gelak eta pasilloak kulturaz jantzi dira: zenbat idazle, hitzaldi, pelikula, liburu eta musika-ekitaldi. Zenbat konpromiso: Ixutu, Ez Dok Amairu, Elkartasun Azoka, Hatsa Elkartea… Eta nola ahaztu Elkar Hezi eguneko amaigabeko bokatak, kontzertuak eta Iturrigorriko jolasak! Horietan guztietan ikasi dugu ez dela nahikoa irakastea; heztea dela benetako erronka.
Eta neurri handi batean lortu dugu. Nahiz eta kontziente ez izan, Elkar Hezin ibilitako ikasleok, bisitan etortzen zaretenean, agurtzen gaituzuenean edo Oñatin zein beste hiri batean elkar aurkitzen dugunean, nahiz eta oso desberdinak izan, bada batzen gaituen zerbait, gainerakoentzat sumaezina dena: oraindik bihotzaren begiekin begiratzeko gai garela.
25 urte betetzea ez da helmuga bat, bultzada bat baizik. Gaurko munduak berritzaileak izatera, gure ingurua zaintzera eta gure hizkuntza eta kultura indartzera eramaten gaitu. Hurrengo 25 urteetarako konpromiso berbera izaten jarraitzen dugu: inor atzean ez uztea. Dinamikak aldatu dira eta hor daude jarduera arrakastatsuak: Mindfulness-a, estimulazio goiztiarra edo tertuliak; ekimen berriak betiko helburuak lortu ahal izateko.
Gaur iraganari harrotasunez begiratzen diogu, baina baita etorkizunari ilusioz ere. Oraindik asko dago ikasteko, hazteko eta amesteko. Balio berekin eta gure bihotz-begiekin, datozen urteei aurre egiteko prest gaude. Amaitzeko, Elkar Hezi ez da soilik 25 urte dituen eskola, Elkar Hezi komunitate bizia da, pertsonaz osatua, balioz betea eta etorkizunerantz irekia.
Zorionak eta eskerrik asko, familia, guraso ordezkari, irakasle, ikasle, ikasle ohi eta patronatuko ordezkariok (parrokiako ordezkariak, Beneditar lekaimeak).
Jarrai dezagun elkarrekin amesten.