Albisteak_ElkarHezi

Albisteak

Genero-indarkeria gure gizartearen egiturazko arazoa da, eta, ondorioz, biktimen prebentzioa eta babesa batzuetan zaila egiten da, normaltzat hartzen delako eta onarpen sozial nahiko zabala duelako. Nazio Batuek erakutsi zuten bezala, munduko hiru emakumetik batek (hau da, % 35) indarkeria fisikoa eta/edo sexuala jasan du inoiz. 

Gizarte-zientzietan egindako hainbat ikerketak erakusten dute gazte bortitzekiko erakarpena handitu egin dela, eta horrek agerian uzten du gizon horiekin harremanak dituzten gazteen zaurgarritasuna. Egiaztatu da hori diskurtso hertsatzailearen ondorioa dela. Diskurtso horrek asko pertsona oldarkorrekin erakarrita sentitzera bultzatzen ditu, baita pertsona horiek bortitzak direla onartzen dutenean ere. 

Sozializazio afektibo-sexuala bereziki garrantzitsua da nerabezaroan, gai hori nerabeentzat kezka bihurtzen denean eta haien lehenengo harreman afektibo-sexualak izaten dituztenean, maitasunaren lehenengo ikaskuntzak eta esperientziak, ondorengoetan eragin handiena izango dituztenak baitira. 

Nerabeen garapen sozial eta emozionalean eragina duten eragile asko onartzen diren arren, hala nola familia-ingurunea, garapenaren psikologian egindako ikerketek adierazi dute parekoen taldea dela nerabezaroko sozializazio-testuinguru nagusia, eta parekoen taldeko elkarreraginak, nerabeek hizpide dutena eta harreman afektibo-sexualen inguruan nola hitz egiten duten nerabeen sozializazio afektibo-sexualaren prozesuaren funtsezko osagaiak dira, generoari buruzko komunikazio-elkarrekintza horiek moldeatzen laguntzen baitute. 

Hori kontuan hartuta, Racionero-Plaza eta bere kideek aztertu dute nola zabaltzen den eta nola gaindi daitekeen diskurtso nagusi hertsatzailea parekoen taldeen arteko interakzio sozialetan. Diskurtso horrek hainbat alderdiri eragin diezaieke, hala nola nerabeen lehentasun sexual-afektiboei, maskulinitate batzuekiko erakarpenari, nerabeen jokabideari, sexu-hautu afektiboei eta lagunek harreman bat hasteko egiten duten presioari. 

Datuek erakutsi zuten bezala, mutil onak, indarkeria erabiltzen ez zutenak, harreman egonkorrekin lotzen ziren, eta mutil menderatzaile oldarkorrak, berriz, noizbehinkako harremanekin. Ikerketa horren arabera, interakzio sozialek garrantzi handia dute zaurgarritasuna sortzeko, berdinen taldearen presioaren eta hertsapen-egoeren bidez. Gainera, azterlan horrek gaineratzen du sexu bereko lagunen talde-presioak, hau da, beste neska batzuek egiten duten nesken talde-presioak, eduki desberdina duela harreman egonkorrak edo noizbehinkakoak izateko presioa egiten denean.
Beste aldetik, lagun gutxiago dituzten nerabeek, kalitate txarreko lagunak dituztenek edo laguntza-sare txikia dutenek arrisku-jokabide gehiago izateko aukera dute, eta lagun estuagoak eta kalitatezkoak dituztenek, berriz, arrisku-jokabide gutxiago izateko joera dute.

Ikerketan ikus daiteke nerabeen taldean diskurtso hertsatzaile nagusi bat dagoela, elkarreraginen bidez genero-indarkeria erreproduzitzen laguntzen duena. Baina garrantzitsuena da berdinen taldearen diskurtsoa eraldaketa-elementua ere izan daitekeela, eta lagun batzuek berdintasunez eta indarkeriarik gabe erlazionatzeko eta bikote onak aukeratzeko eragina dutela. Beraz, lagun onak aukeratzea funtsezkoa da bizitza afektibo-sexuala ona izan dadin, eta hori ikasi eta irakatsi egin daiteke.

Egilea: Carlota Oteo

Partekatu: