Albisteak_ElkarHezi

Albisteak

Ikasturtean zehar, Oñatiko migratzaileen inguruan garatu duten proiektuari amaiera eman diote.

Behartutako migrazioa ez da fenomeno berria. Asko dira, askotariko arrazoiak direla medio, beraien herrialdea atzean utzi eta Europara etorkizun hobe baten bila etortzeko hautua egin behar izan dutenak. Errealitate horretara ohitu gara jada. Are gehiago, hedabideen bidez egunero gai honi loturiko irudiak ikustearen ondorioz, inmunizatu ere egin gara atzean dagoen sufrimenduarekiko. 

Dena den, pantailan edo argazkietan ikusten ditugun urruneko aurpegiez gain, errealitate horrek gure kaleetan eta auzoetan ere badu bere isla. Asko dira Oñatin bizi diren migrante zein errefuxiatuak, eta hiruhilabete honetan DBHko 4.mailako ikasleekin problematika horri izen-abizenak jartzea eta haien bizipenak gertutik ezagutzea izan dugu helburu.

Horretarako, alde batetik Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan liburua irakurri genuen, azken horren Europarako bidea kontatzen duen narrazio liburua. Horren bueltan tertulia batzuk burutu genituen, Salvamento Maritimoko gonbidatu baten presentziarekin.

Bestetik, Aita Mari erreskate ontziko boluntario baten eskutik hitzaldia eta dokumental emanaldia izan genituen kultur etxean, baita Migrantes antzezlana ikusteko aukera ere, Pabellon 6-eko gazte konpainiaren eskutik. Jarduera horiek guztiek errefuxiatuen eta, oro har, migranteen errealitatea begirada anitzetatik heltzea ahalbidetu ziguten. Bide batez, gaur egun Euskal Herrian, arrazakeriak dituen aurpegiak aztertze aldera hainbat ikus-entzunezkoen gaineko hausnarketa egin izan dugu gure buruengan arrotz sumatu arren errotuta ditugun aurreiritziak nabaritzeko xedez.

Amaitzeko, ikasleak taldeka jarri eta bakoitzak Oñatin bizi den errefuxiatu edo etorkin bat elkarrizketatu du. Esperientzia, ilusio eta ametsez osaturiko euskarri ezberdinak sortu eta azken hauek Kultur Etxean plazaratuta bukatu dugu. 

Partekatu: