Ekainaren 17 eta 21a bitartean jarraitu egin dugu Oñatin hasitako Giza Eskubideetan formakuntza Poloniako Krakovia eta inguruan diren Auschwitz eta Birkenau konzentrazio eremuetan. Etikasi sariaren harira eta Baketik erakundeak gidatuta Poloniako hiriburua izandako Krakovia hirian ostatua hartu eta lau egunez inguru horretan XX.mendean bizi izandako sarraski handienetarikoen lekuko izateko aukera eduki dugu.
Oso egun trinkoak izan dira; goizeko sei t´erdietarako gosaria zein bazkarietako kutxatxoak hartu eta autobusez holokaustoaren esparruetara abiatzen ginen. Eguzkiak gogor jotzen du eta beroak ez du barkatzen, egunaren ordu freskoak aprobetxatu behar genituen itzal gabeko zelai haietan bisitaldi gidatuak egin ahal izateko. Gure gida poloniar neska bat izanda poloniarren ikuspegian sakontzeko aukera eman zigun, ez soilik judutarrena. Bazkal ostean tailerrak izan ditugu: Esperientzietan oinarritutakoa ingeleraz, zeinetan gure ikasleen ingelez mailarekin txundituta geratu ziren, eta Objektuetan oinarritutako beste bat. Krakoviara itzuli eta hirian barne bisita gidatuak izan ditugu Galdakaoko gida batek juduen Gethoa erakutsi zigun, Schindlerren zerrenda filmatu zituzten kaleetan paseatu, Krakoviak duen kutsu erromantiko eta endekatuaren paisaiaz disfrutatu, Vistula ibaiaren ertzeetan diren musikarien soinuez belarriak gozatu…
Benetan esperientzia aberasgarria izan dela bai pertsonalki, bai historiaren ikaspen gisa ahaztezina. Gure gaztetxoen jarrera ezin hobea, talde moduan primeran jokatu dute eta banaka oso esker onez. Betiko moduan zuotaz harro!