Iratxe Aranburu Ugarte naiz. Gaur egun Zientzietako irakasle gisa dihardut ELKAR HEZIn eta ikastetxeko ADI arduraduna naiz. Bizitza soseguz dastatzea gustuko duen pertsona naiz, gauza txikiei erreparatuz, eta hauekin gozatuz.
Batez ere nire lanbidearekiko konpromisoa da. Horrek eskatzen dit zientziaren eta ikerketaren azken aurrerapenak, aurkikuntzak…ezagutzea, gure haur eta gazteen bizitzan inpaktu positiboa izateko.
Zein da oraintxe bertan egiten ari zaren prestakuntza?
«ADI programa», Hezkuntza Sailak abiarazia, ikasleak etengabe aldatzen ari den etorkizunerako prestatzeko beharrari erantzuteko aurkezten da. Kristau Eskola Sareak ADI arduradunentzat eskaintzen duen programa espezializatua egiten ari naiz.
Formakuntzaren helburua pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika ikastetxeko programazioetan, maila guztietan, modu koherentean txertatzeko proiektua diseinatzea da. Berrikuntza digitala eta metodologikoa bultzatzen duen ikastaro estrategikoa da.
Gure ikasleek etorkizunean izango dituzten erronkei aurre egiteko bi ardatz nagusi ikusten ditut. Lehenengoa, ‘Pentsamendu Konputazionala’ garatzea da: hau ez da soilik programatzea; arazo konplexuak modu logikoan deskonposatzen eta irtenbideak modu eraginkorrean bilatzen ikastea da. Trebetasun hori ezinbestekoa da edozein lanbidetan zein bizitzako esparru gehienetan.
Bigarrenik, teknologiaren erabilera gure balio etikoekin bat etor dadin ziurtatu behar dugu. Teknologia erabiltze hutsa ez dela neutrala onartuta ere, hau erabiltzen ikasi behar dute, bai, baina eraldaketa ekosozialarekin lerrokatutako helburuekin: arazo sozialak konpontzeko, ingurumena zaintzeko… alegia, gizaki konprometituak izan daitezen. Teknologia ez dugu helburu gisa ikusten, gure hezkuntza-proiektu integralerako tresna gisa baizik.
Nola ari zara irakaspen berriak zure eguneroko klaseetan txertatzen?Adibide praktiko bat parteka al zenezake?
ADI arduradun gisa, nire eginkizuna ikasitakoa irakasle talde osoarekin partekatu eta elkarlana egitea da. Adibide gisa: Haur Hezkuntzan, Robotika eta Matematika bateratzeko proiektuak diseinatzen ari gara, non ikasleek robotei aginduak eman behar dizkieten zifrak eta neurriak kalkulatzeko. Horrela, gure ikastetxeko ADI proiektua poliki-poliki errealitate bihurtzen ari gara.



