Albisteak_ElkarHezi

Albisteak

Hezkuntza Sailak matrikulazio-eredu berri bat ezarri du 23/24 ikasturterako. Aldaketa horien helburua besteak beste, eskola-segregazioarekin amaitzea da.

Guztiz bat egiten dugu Hezkuntza Sailak lortu nahi dituen helburuekin: ikasle guztientzat inklusioa, bikaintasun akademikoa zein pertsonala eta euskara ardatz duen hezkuntza-eredua. Horren froga, gure izaera islatzen duen leloa: Oñati Guztiak. Hala ere, uste dugu ikasleen onarpen dekretu berria aplikatzeko moduak familiei eraso egiten diela, familia bereko anai-arrebak hainbat ikastetxetan bananduz, eta dagoeneko eskolatuta dauden haurrak beste ikastetxe batzuetara eramanez.

Sortu den egoera konplexu horren aurrean, gure ikastetxetik erantzukizunaren eta zuhurtziaren alde egin dugu, eta, horregatik, zirku mediatikoaren parte ez izateko, egiazkoa, ofiziala eta esanguratsua zen informazioa argitaratzea baino ez genuen erabaki.

Komunikabideetan zaratarik ez ateratzeak ez du esan nahi besoak gurutzatuta geratu garenik, eta ikastetxeko zuzendaritzak, Aloña gurasoen elkarteak, Elkar Ekin langileen elkarteak, eta Ereiten Fundazioko kideek modu koordinatuan lan egin dugu egoera bideratzeko.

Ahal dugun guztia egiten ari gara kaltetuak izan diren familiei gure hurbiltasuna, maitasuna eta baldintzarik gabeko laguntza helarazteko.

Hainbat erakundetako goi karguekin bildu gara konponbide posibleak aztertzeko eta gure esku dauden administrazio-bide guztiak landu ditugu.

Horregatik azpimarratu nahi dugu ELKAR HEZIko hezkuntza komunitate osoak, gure proiektuaren hazkundearen aldeko apustua egiten dugula. 2024 ikasturtean egingo den matrikulaziorako aurreikuspenak baikorrak dira eta ilusioz eta indarrez lan egiten jarraitzen dugu haur eta gazte bakoitzak garapen integrala lor dezan, zoriontsu izateko beharrezkoak diren baliabideak ematen dizkion eredu baten alde.

ELKAR HEZIk Oñati aberasten du. Eraldaketa sozialean modu aktiboan parte hartuko  duten etorkizuneko helduak heziz, dagoeneko Oñati berrasmatzen ari direnak. Herri anitza, euskalduna, solidarioa, inklusiboa, ekologista, feminista eta abar sortzen beraien alea jartzen dutenak. Horregatik, ELKAR HEZIko gela guztiak, guztientzat  zabalik behar ditugu.

I
Partekatu: